XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta harlauza horren pisua handiagotu egiten zaidala jauregian utzitako eski makilaz oroitzen naizen bakoitzean.

Ez nuke nahi poliziak zantzu hori aurkitzea, ez nuke nahi Hassan gidaria honetan inplikatzea...

Ez, hark, bederen, lekukoak izango ditu: nire gurasoak...

(5:20). Artean gurasoekin eta Ali eta Hassanekin nenbilela, orkatila bihurritu aurretik alegia, Arg izeneko herrixka batetik igaro ginen.

Baina hara heldu aurretik, haur sail bat hoska etorri zitzaigun (Un stylo! Un bombon! Un dirham!).

Orduan, Alik neska-mutikoei labana mehatxukor atera eta, kopeta beltza erakutsirik, beldurgarria izan behar zuen zerbait oihukatu zien.

Haurrak agudo demonio alde egiten ikusi zituelarik, Hassan gidaria barreka hasi zen eta berehala argitu zigun Alirekin gertatutakoa.

Nonbait, hemengo haurrek ezegitekoren bat egiten dutenean-edo, helduek honela esaten diete: Kasu, gero, bestela Belarriak Mozten Dituen Gizona etorriko da zu eramatera!.

Eta nonbait, labana erakustearekin batera, Alik gizon beldurgarri hura bera zela esan zien, eta haurrek horrexegatik alde egin zuten, bada, deabruak hartuak bezala.

Hassanek deituta, neska-mutikoak pixkanaka-pixkanaka hurbildu zitzaizkigun eta Ali bera arduratu zen goxoki batzuk emateaz.

Baina orain hemen ez dago beldurra uxatuko didan inor: gurasoak urrun dira eta hurbil dauden Said edo Naima auskalo etxe honetako zein bazterretan dauden...

Une honetan Naima te bat eskaintzera etorriko balitzait, ixua baino errazago izua aterako litzaidaike, beldurrak airean bainago, lo egin ezinik eta, erotuko ez banaiz, zerbait idatzi beharrean.